Baionako Askatasunaren plazan urezko lainoztagailuak jarri dituzte

Iraunkorki instalaturik, eguraldiaren baldintzen arabera aktibatuko dira tenperatura bost eta hamabi hozken artean apaltzera iris daitezkeen lainoztagailuak.

Kazeta|02/08/2019 18:03|0 commentaires
Guz_reveilroileon_baiona_gfauveau-8
Leon Erregea iratzartzeko zain, uztailaren 25ean haurrek lainoztagailuen freskotasuna baliatu zuten. © Guillaume FAUVEAU

Euskal Herrian uztailaren 23an bero handia egin zuen egun berean estreinatu ziren Baionako Askatasunaren plazan ezarri dituzten urezko lainoztagailuak. Hiriko besten lehen bi egunetan bestazaleek beroa arintzeko aukera izan zuten.

Ilea baino finagoa diren bost mikrako ur tanta ttipiak presio handiarekin lainoztatzea da sistema honen printzipioa. Gisa honetan, tenperatura bost eta hamabi hozken artean apaltzen ahalko da, freskatu bai, baina berez busti gabe.

Udan ez ezik, lainoztagailu hauek udaberrian edo udazkenean ere aktiba daitezke, betiere eguraldiaren baldintzen arabera. “Espazio hau animazio dibertigarri eta freskagarri batekin animatzeko borondate azkar baten emaitza da”, azaldu du Baionako Herriko Etxeak.

Kontsumo mugatua

Hiriko zerbitzuek diotenez, erabiltzen den ura “aski mugatua da, ura mikro tantetan lainoztatua delako”. Askatasunaren plazan ezarritako dispositibo honek gehienez 80 eta 100 litro arteko kontsumoa izan behar du arratsalde batean, “bi edo hiru dutxaren pareko”.

Hodiak minutuko bi eta lau zentilitro lainoztatzen ditu, minutuko 12 litro ur botatzen dituen iturri batek baino 300 aldiz gutiago. Osasun segurtasunari loturiko arrazoiengatik, lainoztagailuetako ura ez da berrerabiliko.

Zergatik ez zuhaitzak?

Hiriguneetan zuhaitzek ere funtzio freskagarria betetzen dute, kutsadura xurgatzeko duten gaitasuna ahantzi gabe. Herriko Etxeak azaldu duenez, “zuhaitzen hedatzea posible izan den Errepublikaren plazarekin alderaturik, Askatasunaren plazak ez zuen aukera hau eskaintzen, bere erabilera ez zedin baldintzatua izan, bereziki Baionako bestetan edo Musikaren bestan”.