Kazeta

LGBT+ kolektiboak eskubideen errespetua aldarrikatuko du larunbatean

Les Bascos elkarteak Pride 2019 edizio berri bat antolatu du ekainaren 22an. Askapen ibilaldia arratsaldean iraganen da Biarritzen eta gaualdia ordu ttipietara arte luzatuko da Baionan.

Askapen ibilaldiak Biarritzeko karrikak zeharkatuko ditu, karro eta batukada artean. ©Aurore LUCAS
Askapen ibilaldiak Biarritzeko karrikak zeharkatuko ditu, karro eta batukada artean. ©Aurore LUCAS

Beste urte batez, Biarritzeko karrikak ortzadarraren kolorez beteko dira ekainaren 22an. Les Bascos elkarteak Pride eguna antolatu du lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen giza eskubideen errespetua aldarrikatzeko. 

Egitaraua eguerditan hasiko da Biarritzeko itsas-argiaren inguruan. Erakusketak, elkarteen hiria, piknika eta DJ-ak entzun ondotik, Biarritzeko askapen edo harrotasun ibilaldia arratsaldeko 16:00etan hasiko da, ikuskizun ainitz izanen direlarik ibilbidean. Medikuntza bidez lagundutako haur sortzea denentzat aldarrikatuko dute, familia ukaitea denen eskubide gisa kokatuz.

Behin mobilizazioa bukaturik, Baionan aperitifa izanen da 19:00etatik 21:00etara. Tenore horretatik aitzina hasiko da Pride 2019 gaualdi ofiziala, goizaldeko lauak arte luzatuko dena, Amestoy gelan. Gonbidapena beharrezkoa da eta 5 eurotan eskuratu ahalko da elkarteen hirian Les Bascosen mahaian edo Baionako Txalaparta, Jo´s edo 9 ostatuetan.