Joseba AURKERENA

Hegoak Taldea, Lapurdiko kantuaren aitzindari

Euskal kantua arrapizte aroan dela erran daiteke, eta horretan eragile handiak izan ziren 70eko hamarkadan, Euskal Herri osoan sortu eta zabaldu ziren taldeak. Horietako bat dugu Hegoak taldea Lapurdin itzal handia utzi zuen talde gaztea. 1975ean sortu zen Donibane Lohizunen. Aitzineko hamarkadan Alegera taldeak Lapurdiko bazterrak alaituak zituen euskal kantuaren xarmaz. Ziburun bazen ere Arrantzaleak taldea luzaz iraun zuena eta Lapurdiko kostaldean erabateko eragina eta arrasto sakona utzi zituen talde alai eta miresgarria.

Joseba Aurkenerena.
Joseba Aurkenerena.

Baina inor betiko ez denez, Alegera taldea 70.eko hamarkadaren hasieran desegin eta desagertu zen Lapurdin hutsune handia utziz. Talde horren errautsetatik bi talde sortu zirela erraiten ahal da, Alegeran ibilitako hainbat kantarik eta musikarik parte hartu baitzuten Hegoak eta Eltzegor taldeen sorkuntzan. Lehenak musika herrikoia egiten zuen eta bigarrenak musika militantea. Hegoak taldeak hamabost bat urte iraun zuen eta 90eko hamarkadaren hasieran desagertu zelarik, hiru disko, ehunka kontzertu  eta garaiko gazteen artean arrasto eta oroitzapen handia utzi zituen. Gaur egun, oraindik ere, kantu ainitz Hegoak taldeak eginiko aireaz, aldaeraz edo soinu bereziaz kantatzen dira Lapurdi osoan.

Talde horretan gazte franko ibili ziren hogei urte horietan, horietako batzuk aski ezagunak direnak: Olaizola bi anaia ziburutarrak, Beñat Elizondo, Xerar Urrutia eta Jean Marie Imaz urruñarrak, Ramuntxo eta Filipe Douat anaiak, Mixel Claudio eta Franzis Zozaia donibandarrak, Robert Pagola ezpeletarra, Gérard Etxeberri kanboarra,  Txomin Xori baigorriarra, Jean Louis Berges, Jakes Gain, Marko Darrak,… eta beste zenbait.

Hegoak taldea osatzen zuten gazteen xedea euskal kantua eta giroa piztea zen. 1978an Hegoak izeneko diskoa plazaratu zuten Agorrila argitaletxearen bitartez, laster arrakasta itzela ukan zuena. Diskoaren hasieran, honako aldarria zabaldu zuten taldearen aurkezpen gisa: “Hegoak edo hegalak, askatasunaren hegalak, dotzen(a) baten lagun artean egina dugu diska hau, zeren eta maite dugu euskal kantua eta ororen gainetik Euskal Herria”. Lehen kantua Mikel Laboaren Txoria txori zen, beraiek Hegoak izenaz birbataiatua.  Kantu honek eman zion izena taldeari eta taldeko gazteek egin zuten, beraien aldaeraz, famatua Iparralde osoan.

Kantu honetaz gain, Euskal Herriaren bi aldeetan ospetsuak ziren beste honako kantuak gehitu zituzten: Nire gitarratxoa, Euskal Herria, Gure bide galduak, Luther King, Errota zaharra, Ez, ez dut nahi, Ottia, Eskualdun seme, eta porru salda eta fandango bana. Duela lauzpabost bat urte, Agorrilak bigarren edizio bat plazaratu zuen.

Handik bizpahiru urteetara, Hegoak – 2 izeneko diskoa grabatu zuten Milafrangako estudio batean. Aurreko diskoko kantu gehienak herrikoiak ziren edota orduko abeslari eta kantugileek egindakoak, baina bigarren disko honetan beraiek egindako kantuekin diskoaren erdia bete zuten. Honako kantuak agertu ziren bigarren diskoan:  Negua, Haurra, Pena dut eta dolore, Nevadarat, Bagare, Nafarra, Gitarra zahartxo bat, Azken antzira, Amets bat mendian eta Nere andre onakin. Horietako kantu bat  -Pena dut eta dolore- zaharra zen, Xerar Urrutiaren Maddi Jorajuria amak kantatzen zuena, eta taldeak berriz arrapiztu zuena.

Hirugarren diskoa Bizia izenaz bataiatu zuten, eta bigarrenaren ildokoa zen. Biarnoko Leon herriko estudio batean grabatu zuten. Honako kantuak azaldu ziren disko honetan: Bizia, Zakurra, Haurra sehaskatxoan, Izartegi, Negu luze hotzetik, Iraultzak, Erotasunean eta Parisen eta Madrilen.

Erotasunean izeneko kantuan Euskal Herriarekiko atxikimendua garbi azaldu zuten. Hitzak Xerak Urrutiarenak ziren eta soinua Mixel Claudiorena. Hona hemen kantuaren lau koblak:  Gau ilunen gizona naiz, / ilunpean sortua bainaiz,/ eta ilunpean naiz hilgo, / nahi nuke egon beti lo. // Eroaldik nau harrapatzen,/ bista adimenduak ditut galtzen,/ nere urratsak daude andarka,/ burua zaut hausten marteluka.// Ikusten ditut zakurrak,/ hortz haundikin errabiatuak,/ Euskal Herriri ausikika,/ ezin xehatuz zatika.//  Ramun, Txomin nun zaudezte?/ Gure eki gidatzaile,/
biok itxaropen ume,/ nahiz (nahi izanez) herri askatzaile. Eta errepikan honela zioten: Nere ilunak argia nundik, / badago argirik?/ Nere burua dago sutan,/ zapartatzeko puntan. Ramuntxo eta Txomin izan ziren bonba batek zapartaturik hil ziren IK-ko bi gazte, erori ziren lehenak eta kantua haien omenez egina zen.



Hegoak taldea Iparraldean kantari ibili bazen ere, Hegoaldera ere ainitzetan pasatu zen, eta atzerrian ere beren kontzertuak eman zituen, adibidez: Alemaniako Sulbach a Main hirian, Pariseko Mutualité izeneko aretoan Niko Etxarten kontzertuaren lehen zatian, Grezian…  eta abar.

90eko hamarkadaren hasieran taldea desegin zen istorio eder bat gibelean utzirik, gaur oraino, orduan gazte zirenen oroitzapenetan bizirik dirauena. Eragin handia izan zuten hamarkada haietako kantagintzan eta euskal giroa pizteko abilki jokatzen jakin zuten. Talde honen desagerpenak hainbat kimu piztu zituen, gaur egun, euskal kantuaren inguruan dabiltzanak: Beñat Elizondo, Xerar Urrutia eta Jean Marie Imaz Kuxkuxtu txarangan, Xerar Urrutia bakarka --jadanik bi disko plazaratu dituena--, Douat anaiak Kanta Donibane talde herrikoian, Mixel Claudio Donibane Lohizuneko Estudiantinan… eta abar.

Gaurko Lapurdin, euskal kantua indarrean dago, talde eta estilo franko daude, herri guztietan badira kantatzeko biltzen diren jendeak eta euskal kantua airoski aditzen ahal da nonahi eta noiznahi. Orainaldi aberatsa du eta iduriz geroaldi oparoa izanen du. Hori dena, aitzinetik, beste kantariek, beste musikariek eta beste taldeek haien hazia lur emankorretan erein zutelako. Horietako bat izan zen Hegoak taldea, lerro hauetara ekarri duguna.