F. Muguruza: “Euskal Herrian dugun manifestaziorik politena da Korrika”

Korrika ekimen hunkigarria da Fermin Muguruzarentzat. Aurten gainera, beste behin, lasterketari erritmoa jarri dio beste hainbat artistarekin batera. Klikaren grabaketaz eta Euskal Herriko manifestaziorik politenari loturiko oroitzapenez hitz egin du KAZETA.eusekin.

Iurre BIDEGAIN|2019/04/11 06:55|Iruzkin 1
Loading player...

Korrika iraganen den garaian, egun bakar batez Euskal Herrian egongo da Fermin Muguruza eta justu data horretan euskararen aldeko lasterketa Irundik pasako da. Black is Beltza filmaren proiekzioetan murgilduta dagoen artistak Korrikarekin asko hunkitzen dela aitortu du. "Niretzat, Euskal Herrian dugun manifestaziorik politena da Korrika".

Aspaldiko oroitzapenak gogora ekarri ditu Muguruzak. Bere erranetan, Korrika iragaiten zen eguna Irun eta Hendaiaren arteko zubiak Guardia Zibila, polizia edo jendarmeei paperak erakutsi gabe pasatzeko memento bakarra zen.

Hainbeste maite duen euskara AEKn ikasi zuen kantariak eta oraindik ere eskerrak ematen dizkio elkarteari. Hori dela eta, AEKk egiten dizkion eskaerei ezetz esaten ez daki irundarrak, "Klika" abestiarekin gertatu den bezala.