Kazeta

LREM alderdia Baionari begira jarri da

Azken hauteskunde europarretan bozka eman zuten baionarren abantzu laurdenak Emmanuel Macronen alderdiaren alde egin zuen. Emaitza hauek ikusirik, tokiko La Republique en Marche (LREM) martxoko hauteskundeetarako prestatzen hasia da.

Loïc Corrégé, LREM alderdiko tokiko koordinatzailea.
Loïc Corrégé, LREM alderdiko tokiko koordinatzailea.

Hauteskunde bakoitza eta jokatzen den testuingurua ezberdina izanik ere, La Republique en Marche (LREM) alderdiak hauteskunde europarretan Baionan lorturiko emaitzen uhina hartu nahi du 2020ko hauteskundeei begira. Pozik dira Lapurdiko hirian bozken ia laurdena eskuratu zutelako eta haien hautesleei nahiz herritarrei egun dauden arazoei buru egiteko “elkarrekin” lan egiteko deia egin diete.

Ekainaren 14an bildu ziren Baionako LREM-eko kideak. 2020ko hauteskundeetarako ardatzak garapen ekonomikoa, injustizia sozial eta ekologikoen kontrako borroka, mugikortasuna eta garraioa, eta tokiko zein hurbileko demokrazia izanen direla iragarri zuten.

Herri hauteskundeetarako erabakien zain

MEDIABASKen deiari erantzunez, Loïc Corrégé LREM-eko tokiko koordinatzaileak erran du estrategia oraino ez dagoela definiturik, baina Baionako taldeak jakin nahi omen du haien alderdiaren baloreak partekatzen dituzten pertsonek nolako Baiona ikusten duten ondoko urteetan.

Corrégék ez du argitu 2020ko herri hauteskundeetarako zerrenda bat aurkeztuko duten edo ez. Beraz, LREM Baionako auzapez izateko lehian arituko ote den edo gogoetaldi honek Jean-René Etchegarayren balizko zerrenda babestera eramanen dituen itxoin beharko da. Baionako egungo auzapezak oraino ez du jakinarazi presentatuko denik.

Egun, alderdikide batzuk Jean-René Etchegarayren (UDI) gehiengoaren baitan dira eta honek beti agertu izan du estatuburuarekiko hurbiltasun politikoa. LREM-ek uztailaren 1ean Baionan eginen duen prentsa agerraldian argituko du bere hautua.