Azkaineko adinduen etxean sarna kasuak atzeman dituzte

Azkaineko Adina zahar etxean sarna kasu batzuk atzemanak izan dira. Parasito bati loturiko azaleko infekzio hau ez da arriskutsua, baina bai arras kutsakorra.

Kazeta|07/06/2019 07:50|0 comentarios
Ehpad_adina
Azkaineko Adinak adineko jendeak errezibitzeko 46 leku ditu. (Azkaingo Herriko Etxea)

Gutienez hiru pertsona sarna infekzioagatik kutsatuak izan dira Azkaineko Adina etxean, MEDIABASKek joan den asteburuan jakin izan zuen informazioaren arabera. Adinduen etxeko zuzendaritzak hastapen batean informazioa ukatu bazuen ere, ondotik konfidentziala dena ez jakinaraztea nahiago duela erran zuen. Azkaineko auzapezak ere bere isiltasuna arrazoitzeko “mediku-sekretua” aipatu zuen. 

Ez da lehen aldia adinduen etxe batek gisako egoera bati buru egin behar diola. Usu, bertan bizi den pertsonaren batek parasito bat ekartzen du kanpotik, batzuetan ospitale bateko zaintza lanetan gertatu ohi den bezala. Eritasun hau arina bada ere, oso kutsakorra da eta ondorioz, osasun eta mediku neurriak hartzea ezinbestekoa da.

Sarna azaleko azkuran eta zaurietan islatzen da. Azaletik azalerako kontaktuarekin edo jantziak trukatu ezkero kutsatzen da. Inkubazio epea hiru aste eta hilabete artekoa da. Egun infekzio hau aski ongi tratatzen bada ere, zorroztasun handia behar da jantzien desinfekzioan.

Establezimendu batean gutienez bi sarna kasu baldin badira, Eskualdeko Osasun Agentziarekin harremanetan sartu behar da halabeharrez. MEDIABASKek ez du azken honen erantzunik jaso.