KAZETA

Ipar Euskal Herriko EAJk Urkulluri sustengua adierazi dio

EAJren Ipar Buru Batzarrak agiria argitaratu du, alderdi horretako militante eta hautetsi batzuek Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak bake prozesuaren alde egin duen lana goraipatuz atera zuten oharrari erantzuteko. Iñigo Urkulluri Kanboko ekitaldira ez joateagatik "jasan dituen kritika edo damuen" aurrean "babes osoa" adierazi dio Pako Arizmendik.

Ipar buru batzarreko lehendakaria den Paco Arizmedik izenpetu du oharra. © Bob EDME
Ipar buru batzarreko lehendakaria den Paco Arizmedik izenpetu du oharra. © Bob EDME

Maiatzaren 14an, EAJ-PNBko hamabost militante eta hautetsik oharra plazaratu zuten, Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapezak Euskal Herrian "bake prozesuaren eta beharrezkoa zen baketzearen alde" izan duen "inplikazioa, ikuspegi politikoa eta oinarrizko lana" goraipatuz. ‘Sud-Ouest’ egunkariari Iñigo Urkulluk eskainitako elkarrizketaren ondoren iritsi zen oharra; Lakuako Gobernuburuak Etchegaray gutxietsi eta lehendakari bakarra bera zela zioen bertan.

Orain, Pako Arizmendi EAJ-PNBren buruak agiri zabala egin du publiko, Urkulluri "babes osoa" adierazi eta alderdiaren zuzendaritzaren posizioa garbi uzteko.

Etchegaray bera aipatu ere egin gabe, PNBko buruak dio Kanboko topaketa ez zela Ipar Euskal Herrian egin behar. "Ipar Euskadin, ETAren bururatze ekintza hau ez da ETAk egin behar zuen bururatzea. Bere ardura asumitu behar zuen talde honek, bere ekintzak gehienik unkitu duen Eusko Autonomi Erkidegoan deseginez", dio agiriak.

EAJko hainbat kargu –Andoni Ortuzar, Joseba Aurrekoetxea, Joseba Egibar, Arizmendi bera edota Unai Hualde– "alderdi politiko eta gizartearen zati baten ordezkari" gisa han izan zirela gogora ekarri ondoren, Lakuako Gobernua eta Nafarroakoa joan ez izana justifikatzen du.

"Zergatik etiko eta politikoengatik ez ziren Kanbora joan. Urkullu eta Barkos beren gizarte osoen ordezkariak dira, bereziki terrorismo horren biktimenak. Hainbat euskal herritarren sentikortasunari erantzuteko ezin zuten ETArekin adostu ekintza politiko batean parte hartu. Nazioarteko topaketa horren preparaketetaz baztertuak egon ondoren, herri zaintzaz ardura duten podere politiko bezala, ezin zuten ekintza honi babesik eman, xehetasunak jakin gabe, bereziki ETAren desegite bermeak ezagutu gabe", nabarmendu du.

Kanbora ez joateagatik Urkulluk jaso dituen "kritiken edo damuen" aurrean, PNBk "sostengu osoa" adierazi dio, "bereziki prozesu honen eragile nagusi gisa denen errespetua merezi duelako".

Arizmendiren arabera, "podere españolarekin, eramaiten duen bitartekaritza diskretoari esker Madrilek Pariseri egin presioa indargabetzen lagundu du" Urkulluk. Lakuako Bake eta Bizikidetzarako plana ere goraipatu du, eta Ipar Euskal Herrian ezagutua izatea "merezi" duela erantsi.