Kazeta

Koko Abeberry hil da

Jean ‘Koko’ Abeberri zendu da, 85 urte zituela, bihotzekoak jota. Euskal Herriko Giza Eskubideen Babeserako Batzordea sortu zuen Abeberrik 1980ko hamarkadan eta abokatu gisa euskal militante anitzen defentsan aritu zen.

Koko Abeberry Annie Arroyo eta Mixel Bergerrekin. ©Sylvain SENCRISTO
Koko Abeberry Annie Arroyo eta Mixel Bergerrekin. ©Sylvain SENCRISTO

85 urterekin zendu da Jean 'Koko' Abeberri abokatua. Bere ehorzketak otsailaren 24ean iraganen dira 16.30etan Biarritzeko gorputz erraustegian.

Euskal Herriko Giza Eskubideen Babeserako Batzordea sortu zuen Abeberrik 1984ean. Claire Frossard batzorderko idazkariak azaldu duenez, 70. hamarkadan Estatu espainiarretik etorritako iheslariak defenditzeko helburua zuen. Ildo horretatik, abokatu gisa Iparretarrakekin hasi zen lanean. "Euskal Herri aske eta duin bat defenditzen zuen", aipatu du.

Idazkariaren erranetan, Abeberrik gaurkotasuna hurbiletik segitzen zuen. Anitzek "prentsaren maitemindua" bezala definitu dute. Frossardek kontatu duenez, asko irakurtzen zuen. "Egunkari oso bat irakurri zezakeen denbora laburrean". Prentsarekiko maitasun horrek gidatuta, urte luzaz erakundeko "Jakilea" aldizkariaren argitalpenez arduratu da.

"Ez zen batere hanpurutsua. Sinpletasuna maite zuen. Ez zuen inoiz protagonista izan nahi", azaldu du Frossardek. Gainera, "oso independentea" zela erantsi du. Hots, Euskal Herriko testuingurua ongi ezagutzen zuen eta ez zuen inoiz alderdi baten parte izan nahi. "Bere izpiritu kritikoa mantendu nahi zuen. Askatasun hori zaindu nahi zuen", nabarmendu du.